XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kutsadura menperatu asmoz, Txileko agintariek ibilgailuen iragaketa murriztu dute, Santiago.

Txileko hiriburuan gero eta larriagoa da kutsaduraren arazoa.

Lau milioi t'erdi lagun inguru bizi diren hiri honetan egoera larriaz jabeturik, neurri gogorrak hartu behar izan dituzte bertako agintariek, horretarako ibilgailuen ibilera mugatu behar izan dutelarik.

Neurriak joan den astean hartu zituzten Santiagon.

Izan ere, hau da munduan zehar aurki daitekeen hiririk kutsatuenetarikoa, ze aspaldira jo gabe, zerotik hamahirurako maila batetan, bi egunez 11'40raino igon baitzen azken aste hauetan.

Egun horietan, kanpokaldetik ikusiz gero, bazirudien hiria onddo gris batez inguraturik zegoela, leherketa nuklearraren ondorioz osatzen denaren moduko onddoa alegia.

Horrelako egun batetan Santiagora barneratuz, lehenik begiak suertatzen ziren mindurik.

Agintariek neurriak hartzerakoan, lehenik plaken numeroen arabera debekatu dute ibilgailuen ibilera.

Gerora begira beste neurriak hartuko dituztela oharterazi dute, besteak beste, birrintze lanen eta edifizio publikoetan galdararen erabilpenaren murrizketa.

Era berean, abisua luzatu dute agian erdiguneko zenbait leku itxi eta ehunda hamar enpresa gainbegiratuko dituztela, alegia, duten prozesuagatik gas kutsakorrak kanporatzen dituzten enpresak.

Larehun mila ibilgailuen ibilera pairatzeaz gain, Santiagon biltzen da herrialde osoko lantegi eta industri kopururik handiena.

Hodei gris-argi zikin horren erantzunkizuna.

Buruturiko ikerketen arabera, Santiagok ia egunero jazten duen hodei gris-argi zikin horren erantzunkizun handiena errekinen esku dago, ze batetik benzinak duen beruna kopuru handiagatik, karboxihemoglobina edo karbonoaren monoxidoaren isurketa ematen baita, eta bestetik, errekin likidoetan aurki daitezkeen nitrogeno eta azufrearen ondorioz kutsadura azidoa ematen baita.

Honi ibilgailuen motorrek jasaten duten mantenimendu eskasa gaineratu behar zaio.

Horregatik ez da harritzekoa kalean zehar ibiltzerakoan, autobus batekin topo eginez gero ke beltz batez inguraturik aurkitzea.

Guzti honen atzetik, Txileko populazioak jasaten duen krisialdi ekonomikoaren eragina aurkitzen da.

Garraio publikoko langileen buruzagi batek salatu duenez, nola ausart daitezke makina garbi eta behar bezala mantendu dezagula eskatzea, horrek diru pilo bat balio badu, eta gutariko askok dugun soldatarekin familia juxtu juxtu mantentzea lortzen badugu.

Ikerkuntza zientifiko desberdinak bat datoz zera esaterakoan, alegia, giro kutsatuaren eraginez populazioaren osasunak izugarrizko gaizak sufritu behar izaten dituela.

Osasun arloko langileek azaldutakoaren arabera, kutsaduraren eraginez stressa, gastritis larria, arnasa hartzeko bideen afekzioa, eta erreakziorako ahalmenaren murrizketa orokorra bezalako gaizak sor daitezke biztanleen baitan.

Herrialdeko erdialdeko bailara batetan kokaturik, eta Andes mendikateen gailur nagusietaz inguraturik egoteaz gain, Txileko hiriburuak badu beste eragozpen naturala, hots, hegomendebalde eta hegoekialdetik datozkion haize boladak, fenomeno hau negu partean areagotzen delarik.

Hainbat leku berreskura ezinak dira dagoeneko.

Bi faktore hauen eraginez, haize kutsatuen zirkulazio bertikala galerazten da, honek gutxiegizko berrikuntza suposatzen duelarik.

Carlos Fuenzalida ingurugiro arloko adituaren ustez, Santiago hondamen ekologiko gisako ingurua aldarrikatu beharko litzateke, bertako giroak jasaten duen kutsadura maila handiagatik.

Aditu honek azaldutakoaren arabera, hiriburua osatzen duten hogeita hamahiru mila hektareatik, hemezortzi mila berreskura ezinak dira dagoeneko.

Bertako unibertsitateko Sergio Bravo irakaslearen gidaritzapean plazaratu berri den Santiagoko ingurugiroaren narriadura izeneko ikerketa lanean esaten denez, hiriburuko zenbait auzoetan ematen den klimak, batez ere temperatura eta euriari dagokienez, aldaketa sakonak ezagutu ditu kutsaduraren eraginez.

Hernan Costabal Santiagoko Unibertsitate Teknikakoak egindako beste ikerketa baten arabera, zaratari dagokionez Santiago da munduko hiri kutsatuenetarikoa.

Hegoamerikako herrialde horretako adituek, gutxienez hamahiru hondamen ekologiko aurkitu dituzte Txileko lurraldeetan, hala nola, ur, atmosfera, eta elikagaien kutsadura, basalore eta animalien hondamena eta meatzaritzaren eragina inguru giroan.

Egoera tamalgarri honen inguruan hainbat eta hainbat aditu sail eta alor guztietan lanean dihardute krisialdi ekologikoaren kausak, eraginak eta irtenbideak astertu asmoz.